XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irrati libreak: ilegalak baina bizirik

Joan den ekainaren 12an, Euskadiko Irrati Libreen Koordinakundea osatu zen Iruñean.

Hemeretzi irrati sartu ziren erakunde honetan.

Mugimenduari eustea eta irrati gehiago irekitzen laguntzea dira Koordinakundearen helburu nagusiak.

Jakina denez, Madrilgo Gobernuak ez du irrati librerik baimentzen.

Azkenaldi honetan Iruñeko hiru itxi ditu: Paraíso, Eguzki eta Cocodrilo.

Koordinakundeak Gobernuaren kanpainari nola aurre egin erabakiko du.

Bestalde, Koordinakundeak ikastaro intentsiboa antolatu du irratigintzaren teknika irakasteko.

Iruñeko Bodegón de la Riveran egingo da, Navarreria kalean hain zuzen, uztailaren 25 eta 26an.

LEHENAK ITALIAN SORTU ZIREN

Lehen irrati libreak Italian sortu ziren, orain dela hamarren bat urte.

Talde ekologistek, feministek eta beste zenbait talde marjinalek bultzatu zuten mugimendu hura.

Gobernu italiarra aurka jarri zen lehen momentutik.

Irrati libre bateko bi partaide gartzelatuak izan ziren.

Ospatu zen judizioa eta epailariak irrati libreen aldeko epaia eman zuen.

Izan ere, nazio hartako Konstituzioak ez du monopoliorik onartzen.

Momentu hartan irrati libreak legezko bihurtu ziren eta izugarri ugaldu.

Pixkanaka-pixkanaka, beste nazioetan ere sortu ziren emisora berriak.

Frantzian, Giscard d`Estaign-en garaian, debekatuta egon ziren eta poliziak lana izan zuen emisorak ixten.

Gero, 1981.ean, sozialisten garaipenak askatasuna ekarri zuen.

Gaurregun legalak dira.

INGALATERRAN DEBEKATUTA DAUDE

Ingalaterran debekatuta daude.

Radio Carolineren kasua famatua izan zen.

Orain dela lauzpabost urte, armadak urperatu egin zuen emisora hau.

Radio Carolinek itsasuntzi batetik emititzen zuen, Ingalaterrako kostatik gertu.

Alemanian ez dago irrati librerik, han kontrol haundia bait dago.

Pirineoetatik behera, Onda Lliure izan zen lehena.

1978an jaio zen.

Gure artean, azken lau urte hauetan, Osina irratia, Radio Paraíso, Sorgin irratia izan dira indartsuenak eta famatuenak.

Hirurak itxi dira.

Madrilgo legeriak ez du zirrizturik.

Azken denbora hauetan irrati libre asko ari da sortzen Euskal Herrian.

Eta kontrako neurririk hartu artean, hortxe ari dira, eguneroko jardunean.

Esan bezala, hemeretzi irrati libre bildu dira Koordinakunde berrian.

Azken denbora honetan irrati libre asko sortzen ari da Euskal Herrian.

Italian eta Frantzian legalak dira.